XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hainbeste burla eta txantxa artean, Patxi ia ia lagunik gabe geratu zen garai hartan.

Arrazoiz pentsatuko duzue hori ez dela batere bidezkoa, baina halaxe gertatzen da, zoritxarrez, behar baino gehiagotan.

Benetako adiskide bakarra aitite Juanillo zuen.

Aitite itsasgizona izan zen gazteagotan.

Baina zahartzaroa helduta, toki urrun eta miragarri haietara egindako bidaien hutsune handia sentiturik, egunero egiten zuen ibilalditxo bat porturaino, untziak arrantzatik itzultzen ikustearren.

Patxik sano atsegin zuen aititerekin joatea arresti patxadatsu haietan, betiere izaten bait zen istorio zoragarriren bat.

Esate baterako, aititeri gehien eskatzen ziona kontatzeko, Natillas edo antzeko tokiren batean egon ziren piratena zen.

Kubako abenturak ere ez ziren makalak: Patxik garbi-garbi imajina zitzakeen aititek azalduriko etxe zuri haiek, etorbide zabal eta argitsuak, palmondoz jositako hondartzak, gizonen eskutik jaten zuten marrazo beldurgarriak, uhain berde eta gardenetatik sortzen omen zen doinu liluragarria, gizon beltz erraldoiak esku batez hamaika lagun jasotzen zituztenak, eta beste asko.

Patxik ezin zituen halakoak bere kasa asmatu.

Ez zekien amets egiten.

Morrosko garai eta kementsua izatea gustatuko zitzaiokeen, eta liburu guztiak oztoporik gabe irakurtzea denak eskolan txundituta uzteko.

Baina guzti hura ezin lorturik, amets egiten ez jakinik, nolakoa ote zen ere ez zuen susmatzen.